Ernaik datorren martxoaren 23an Durangaldeko Bulkada Eguna jaialdia egingo du Elorrion. ‘Bide guztiak Elorriora, bide guztiak independentziara!’ lelopean, Durangaldeko herri guztietako bulkada berriak batu nahi dituzte, baita urte luzez gazte borrokari bultzada eman dieten belaunaldi ezberdinetako kideak ere.
Iazko irailean ‘Bulkada berrien garaia da’ dinamika aurkeztu zuten eta horren ondoren, Durangaldean berehala hasi zirela lanean adierazi dute Ernai taldeko kideek. Apirilerako Gazte Topagune erraldoia antolatuko dute Lemoan, baina hori baino lehen “independentzia, sozialismoa eta feminismoaren aldeko borrokarako prest” dauden Durangaldeko gazteen bilgune bihurtu nahi dute Elorrio martxoaren 23an.
Egitarau zabala
Eguerdiko 12:30etan emango diote hasiera Bulkada Egunari, eskualdeko gazte sortzaileen plazarekin. 14:30etan bazkaria egingo dute herriko plazan eta horren ondoren bingo musikatua eta Durangaldeko mus txapelketako finala. Arratsaldean, poteoa egingo dute Kittu taldearekin eta 19:30etan ekitaldi politikoa. Gauez kontzertuak egongo dira plazan jarriko duten karpan: Kaleko Urdangak, Ezetaerre eta Gora Etorri. Amaitzeko 2:00etatik aurrera, Dj Bullekin gozatzeko aukera egongo da gaztetxean.
Bazkarirako tiketak ohiko lekuetan egongo dira salgai 10 euroren truke (ikasleak 5 euro).