
Markeline Antzerki konpainiak bihar hasiko den Zugan Ni antzerki jaialdiaren IX. edizioa antolatu du eta aurten Durango, Iurreta, Igorre eta Zornotzako zazpi talde igoko dira agertokietara. Gazteen antzerki jolas guneak 13 eta 18 urte bitarteko 70 ikasle bilduko ditu guztira.
Gazteen artean arte-sorkuntza sustatzeko eta eszena-arteen ikuskizunak hedatzeko helburuarekin jaiotako ekimen honetan, aurten Durango, Zornotza eta Igorreko bina talde eta Iurretako talde bat lehiatuko dira. Talde bakoitzak bere herrian eta beste herriren baten antzeztuko du beraien ikuskizuna, helburuetako bat “taldeen arteko erlazioa sustatzea baita”, antolatzaileen esanetan.
Lehenengo saioa bihar izango da iluntzeko 20.00etan Durangoko San Agustin Kultur Gunean, eta agertokian bost talde izango dira. Bigarren saioa Iurretako Ibarretxe Kultur Etxean izango da maiatzaren 5ean, arratsaldeko 19.00etan, hiru talderen partaidetzarekin, eta hurrengo egunean, baina ordu beran, beste hiru talde igoko dira Igorreko Lasarte Antzokiko agertokira. Azken agerraldia Zornotza Aretoan izango da maiatzaren 8an, arratsaldeko 17.00etan, oholtzan lau talderen lanak eszenaratuko direla.
Zugan Ni antzerki jaialdia “antzerkia aisiaren eta kulturaren alorretako aukera gisa” sortu zuen Markeliñe konpainiak. Hori dela eta, ekimen honek “gazteen arteko adierazpenerako plataforma” bilakatzeko xedea du, antzerkiak “euren gaur egungo munduaren egoera zein den” jabetzeko ahalbidetzen duelako.
Programa honetan parte hartzen duten gazteek “beren erara adieraziko dute, beren hizkuntza erabilita, beren ikuspuntuetatik abiatuta …” eta aukeratutako gaiak, “gazteek duten kezkaren eta erantzukizunaren isla dira”, antolatzaileen arabera.
Ekimen honek “antzerkiaren presentzia sustatzen du gazteen eguneroko bizitzan” eta gainera “adierazpenerako lanabesa” bilakatzen da, interpretazioaren bidez gazteei “esperimentatzeko parada” ematen dielako.