Durangaldeko historian eta ondarean murgiltzeko aukera paregabea eskaintzen du Gerediaga Elkarteak argitaratzen duen Astola aldizkariak eta ale berriak dituen 164 orrialdetan eskualdeko zortzi gairi buruzko erreportajeak tartekatzen ditu.
15 urte bete dituen Astola urtekariaren ale berriak, eskualdean dauden baso motei buruzko azterketa egin du Izaskun Ellakuriagak ‘Durangaldeko basoen argazkia’ artikuluan. Itxaso Martelo, Sonia Palo eta Enrique G. Arzak berriz, Zaldibarko ospitaleko kaperari buruzko erreportajea landu dute ‘La Capilla Sixtina de Durangaldea’ deituriko artikuluan.
‘Elorrio, harria, egurra eta burdina’ gaia landu dute Javier Puertas eta Josune Arangurenek eta testuan hiribilduak izandako industria jarduera dute hizpide. Victor Arrizabalagak berriz, hainbat margolari eta argazkilarik erreproduzitutako Andra Mariko elizpeari buruz idatzi du ‘Afinidades electivas. La imagen del Pórtico de Santa Maria en la primera mitad del Siglo XX’ erreportajean.
Hizkuntza-aniztasuna
Durangaldeko musika eta musikariei buruzko erradiografia egin du Iban Gorritik ‘Musika ez dadila gelditu’ artikuluan eta Marta Aranbarrik Oiz mendiak erakusten duen izaera poliedrikoaren inguruko erreportajea idatzi du ‘Las mil caras de Oiz’ izenburuarekin.
Eduardo Gaviria eta Jose Mari Maciasek Durangaldea zeharkatzen duten Ibilbide Handiko Bideen Sarea landu dute ‘Un patrimonio común: Los GRS por el Duranguesado’ testuan.
Alea osatzen duen erreportajea Belen Urangarena da eta ‘Babel dorrea. Migrazio-mugimenduak Durangaldera ekarritako hizkuntza-aniztasuna’ lerroburua duen artikuluan, migrazioek hizkuntzetan duten eragina aztertzen da.
Kazetari, ikertzaile eta idazleek egindako artikuluak Txelu Angoitia argazkilariak egindako irudiekin edo hainbat artxiboetatik bildutako irudiekin osatzen dira.
Astola urtekariaren 15. alea 5 euroko prezioan dago salgai Durangaldeko ohiko saltokietan.