Mankomunitateko gobernu taldeak 9.651.550,40 euroko Aurrekontu Proiektua aurkeztu du 2025erako. Apustu nagusietako bat arlo soziala indartzea izango da, eta, horretarako, Idoia Otaduy presidenteak iragarri du 500.000 euro gehiago bideratuko direla politika sozialetara.
Guztira, Mankomunitateak 5.687.346,72€ inbertituko ditu gizarte arloan, hau da, aurrekontu osoaren %58,9. Otaduyren arabera, gizarte politiken igoera hori gobernu taldeak eskualdeko gizarte zerbitzuak indartzeko egindako apustuaren ondorio da. Hazkunde horren zati handi bat etxez etxeko laguntza zerbitzuan zentratuko da. Izan ere, Mankomunitateak zerbitzu hori indartzeko apustu irmoa egingo du, eta 500.000€ gehiago inbertituko ditu 2024arekin alderatuta.
Kopuru hori behar beharrezkoa da behar duten pertsonei zerbitzua modu duinean emateko: “Mankomunitateak gehien behar duten pertsonen beharrei erantzun behar die, eta, horretarako, beharrezkoa da gizarte zerbitzuei baliabide gehiago eskaintzea. Gobernura iritsi ginenean esan genuen gure lehentasun nagusia arlo soziala indartzea izango zela, eta horixe egiten ari gara”, adierazi du Otaduyk.
Hondakin gutxiago
Dena den, ez da datorren urtean garatuko den proiektu garrantzitsu bakarra izango. Hondakinak biltzeko zerbitzua Mankomunitateak ematen duen oinarrizko zerbitzua da, eta 2025ean Mankomunitateak zerbitzuari buruzko azterlan bat egingo du. Helburua hondakin gutxiago sortzea da, eta, horretarako, zerbitzuaren finantzaketa aztertuko da, gaikako bilketa bultzatuko da eta bolumen handiko hondakinen bilketa hobetzen saiatuko da. Gainera, baskulak jarriko dira martxan bi kamioitan, udalerrika zenbat hondakin biltzen diren jakiteko.
Bestalde, Mankomunitateak urratsak ematen jarraitu du Mankomunitateko zerbitzu guztiak Durangoko Elkartegi eraikinean zentralizatu eta herritarrei ematen zaien arreta hobetzeko. Horretarako, Otaduyk jakinarazi du Bizkaiko Foru Aldundiarekin negoziatzen ari direla, eraikina erosi eta erosketa hori amaitu ahal izateko: “Herritarrei elkargune bat eskaini nahi diegu, arreta hobea jaso dezaten, eta uste dugu Elkartegia dela gune fisiko egokiena”.