Durangaldeko Mankomunitateak ‘Familientzako Eskolak’ ekimenaren edizio berri bat antolatu du datorren urterako. Guztira, bost gai desberdin landuko dituzten zortzi ikastaroez gain bi hitzaldi eskainiko dira. Izen ematea abenduaren 29ra arte egin daiteke.
Ikasleen familiei eta interesatuta dauden heldu guztiei zuzendutako ekimen honen bitartez, drogomenpekotasunak, osasuna, familien arteko komunikazioa edo gatazken konponketa bezalako gaiak landuko dira. Amaia Sarrionandia, Teresa Alonso eta Arrate Arana profesionalak eskainiko dituzten saioak dinamikoak, parte-hartzaileak eta praktikoak izango dira.
Talde bakoitza osatzeko eta ikastaroa aurrera eramateko, gutxienez, 12 pertsona egon behar dira, eta gehienez 20 pertsona. Ikastaroak otsailean hasiko dira eta 90 minutuko hiru eta sei saio artekoak izango dira.
Zortzi saioetatik sei Durangoko Elkartegian emango dira. Antolatutako ikastaroak honako hauek izango dira: ‘Tentsioak, estresa eta antsietatea kontrolatzea’; ‘Mundu bat deskubritzeko, 0-6 urte’, ‘Prebentzioa haurtzaroan, komunikazioaren eta autoestimuaren bidez (6-12 urte)’, eta ‘Nerabezaroan jokoa, kontsumoak,… ez daitezela arazo bihurtu’.
‘Zigor, mehatxu eta txantaiak erabili beharrean, badago beste aukerarik?’ deituriko ikastaroa berriz, Elorrion eta Abadiñon emango da.
Ikastaroez gain, bi itzaldi emango dira Berrizen eta Zaldibarren: ‘Querer sin condiciones’ eta ‘neba-arreba arteko harremanak’.
Ikastaroetan izen ematea 946200520 telefonoan (goizez 9:30etatik 13:30etara), e-mailez adikzioak@dma.eus helbidean edo Durangoko Landako Elkartegian (Landako etorbidea 4 – 202 bulegoa) egin daiteke.