Durangaldeko Mankomunitateak eta Gerediaga Elkarteak eskualdeko ondare historikoa, soziala eta kulturala sustatzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur Astola Etxean. Akordio horrek 10.000 euroko aurrekontua du.
Sinatutako hitzarmenaren helburua, “urtea amaitu arte Gerediaga Elkartearen aldeko proiektuak egiteko diru-laguntzaren baldintzak arautzea da”, kaleratutako prentsa oharrean adierazten dutenez.
Izan ere, Gerediaga Elkartea 1965ean sortu zen eta ordutik Durangaldearen nortasuna babesten, ikertzen eta zabaltzen dihardu. Gainera, historia- eta kultura-ondarea berreskuratzeko eta oraindik kontserbatzen dena zaintzen ditu.
Denboran zehar, Durangaldeko Mankomunitateak eta Gerediaga Elkarteak hainbat lankidetza-proiektu gauzatu dituzte, baina hitzarmen hau Durangaldeko ondare historikoa, soziala eta kulturala sustatzeko proiektuak elkarrekin gauzatzeko esparru arautua eta egonkorra da.
Sinadura ekitaldian Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidentea eta Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteaz gain, eskualdeko zenbait alkate eta ordezkari izan dira.
Lankidetza hitzarmena “pauso handia” izateaz gain, “Durangaldeko ondare historiko, sozial eta kultural garrantzitsuari balioa ematea eta ezagutaraztea ahalbidetuko du”, Elkoroiriberen esanetan.
“Poza eta eskerrona” adierazteaz gain, “gaur hasi dugun bidean sakontzen eta egitasmoak zabaltzen joan gura genuke datozen urteetan Mankomunitatearen laguntzarekin”, azpimarratu du Mujikak.