Durangaldeko sei bertsolari izango dira 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoetan. Lehenengo saioa zapatu honetan jokatuko da Berrizen, eta beste biak Santurtzin eta Lemoan.
Jokatu ziren sei kanporaketen ondoren, euren saioak irabazi eta sailkapen zuzena lortu zuten Iruri Altzerrekak eta Eneko Abasolo ‘Abarkas’ek, eta bigarren postuan sailkatu ziren Bittor eta Txaber Altubek ere finalerdietan egoteko txartela lortu zuten. Eskualdeko ordezkaritza 2021eko finalistak izan ziren Gorka Pagonabarragak eta Aitor Bikandik osatuko dute.
Berrizen lehen finalaurrekoa
Finalaurrekoetako lehen saioa Berrizko Olakueta frontoian jokatuko da aste honetako zapatuan, 17:00etan hasita, eta bertan egongo dira ‘Abarkas’, Altzerreka eta Pagonabarraga. Miribillako Bilbao Arenan abenduaren 16an jokatuko den finalean egoteko txartelaren bila izango dira ere saioa osatuko duten Aitor Etxebarruazarraga, Koldo Gezuraga eta Xabat Galletebeitia.
Santurtziko Serantes Aretoan azaroaren 18an jokatuko den bigarren finalaurrekoan eskualdeko beste hiru ordezkariak izango dira. Gernika-Lumon bigarren postua lortu zuen Bittor Altube, eta Mungiako saioan bigarren sailkatu zen Txaber Altube ere betan egongo dira 2021eko txapelketaren edizioan finalista izan zen Aitor Bizkarrarekin batera.
Lemoako Udal kiroldegian jokatuko da azaroaren 25ean hirugarren finalaurrekoa. Bertan, Aissa Intxausti, Ibai Amillategi, Josune Aramendi, Ibarzabal, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta egungo txapelduna den Nerea Ibarzabal arituko dira.
2023ko txapelketaren finalean zortzi bertsolari arituko dira; Berriz, Santurtzi eta Lemoako saioetako irabazleak eta hiru finalaurrekoetan puntu gehien biltzen dituzten bost parte hartzaileek.
Urrian zehar jokatu diren kanporaketetan Araitz Katarain mallabiarra, Garikoitz Sarriugarte zaldibartarra, Ander Sarriugarte durangarra eta Igor Galarza abadiñarra ere aritu dira.