
Durangaldeko bertsolari taldeak Bertsolari Gazteen XXVIII. BBK sariketaren finalaurrekorako txartela lortu zuen atzo jokatutako ekitaldian. Igorreko Arratia BHI ikastetxean jokatutako kanporaketan Arratiako taldea garaitu zuten.
Lehiaketara adinaren arabera banatzen diren bi bertsolari hirukote aurkezten ditu talde bakoitzak. 18 urte artekoan Leire Vargas, Ander Sarriugarte eta Irune Basagoiti izan ziren eskualdeko ordezkariak eta 19 eta 24 urte bitartekoan berriz, Iruri Altzerreka, Ander Elorriaga eta Iker Maguregi igo ziren agertokira.
Giro hobeezinean eta ikaslez betetako aretoan jokatutako kanporaketaren epaimahaia Ander Arrienek, Beñat Romerok eta Juanjo Respaldizak osatu zuten. Aurkezlea berriz, Xabier Irakulis izan zen eta idazkari lanak Idoia Anzorandiak bete zituen.
Arratian lortutako garaipenaren ostean, Iurretan jokatuko den lehengo finalaurrekoan izango da Durangaldeko taldea. Saioa martxoaren 16an izango da, goizeko 10:00etan hasita, Juan Orobiogoitia BHIn, eta norgehiagokan Busturialdeako taldea izango du aurrez aurre.