Martxoaren 8a ate joka dugun honetan, Durangoko eta Zornotzako hainbat eragilek greba feministarekin bat egin dute. Egitarauak prest daude eta kaleak pankartaz betetzen hasi dira.
Durangoko emakume pentsionistek besoko more, txapa eta eskuorridun mahaia jarri dute asteburuan, eta hauekin eta beste askorekin batera, liburutegiko, Plateruenako, Berbaroko eta Dendak Bai Merkatari Elkarteko emakumeak batu dira grebara.
Emakumeen egun handiari gauerdian emango zaio hasiera Durangon, mural baten pintada eta kazeroladarekin. Egun osoko egitarauaren ondoren, 19:00etan egingo da ohiko manifestazioa. Ostean, grebako itxiera festa ospatuko da.
Kafe tertulia eta tailerrak
Zornotzako emakumeak, aldiz, goizeko 8:30ean batuko dira Zelaieta parkean greba feministari hasiera emateko. Bertatik hasita, herria kalejiran apainduko dute eta ondoren, Zelaietako karpan kafe tertulia eta tailerrak egingo dituzte.
Eguerdian kontzentrazioa egingo dute Patatan eta 14:30etarako bazkari autogestionatua prestatu dute Zelaietako karpan. Bazkaldu eta gero, kantaldia eta tailerrak egongo dira. Grebari amaiera emateko festa baino lehen, manifestazioa eta ekitaldia egingo dituzte 19:30ean. Zornotzako merkartariek ere grebarekin bat egin dute, herriko beste arlotako eragile askoren artean.
Grebaren azken prestaketei begira, gaur eta eguenean batuko dira emakume zornotzarrak pankartak eta kartel pegada egin eta txapak banatzeko.
#Durango-ko hainbat arlotako eragileak #M8GrebaFeminista-rako ate joka.@MBizkaia @M8EuskalHerria pic.twitter.com/kb5WO9lUtT
— Emakumeok* planto Durangon! (@M8Durango) 3 de marzo de 2019