Durango Jai Alai zesta eskola sortu berria, jendaurrean aurkeztuko da domekan, hilak 26, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara egingo duen ‘Ate irekiak’ saioarekin. Aurkezpena Ezkurdi Jai Alai frontoian (Ezkurdi plaza, 6) egingo dute, Aritz Erkiaga txapeldun handia bertan egongo dela.
Aurkezpena 8 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta dago bereziki, “zesta puntarekin harremanik ez duten umeek barru barrutik ezagutu dezaten munduko kirolik azkarrena bezala ezagutzen den gure kirol hau”, antolatzaileen esanetan.
Hala ere, edonor gerturatu daiteke ekitaldira, aldez aurretik izena emanda durango.jaialai@gmail.com helbide elektronikoan edo 666 176 286 edo 650 482 198 zenbakietara deituta. Whatsapp bat ere idatzi daiteke bi telefono hauetako edozeinetara.
Sarreren zozketa
Bestalde, Durango Jai Alai klubak bazkideen artean zozketatutako bi sarrerak banatuko ditu. Irabazleak profesionalen partidak zuzenean ikusteko aukera izango du astelehenean, hilak 27, Ezkurdi pilotalekuan.