
Dagigun goiburupean maiatzaren 29an Durangon egingo den 2016ko Ibilaldiak, bost gune eta herriaren kanpoaldetik doan sei kilometroko ibilbidea izango ditu. Hala ere, nahi duenak, herri barrutik doazen ibilbide laburragoak egiteko aukera izango du.
Bost gune nagusiak “ikastolentzat funtsezkoak diren kontzeptuekin harilkatu dizkiogu gure leloari”, antolatzaileak adierazitakoaren arabera. Kontuan izanda “aurtengo leloa dinamikoa” dela eta “ekintzarako egiten duela gonbita”, atonduko diren bost guneak ‘Hezi’, ‘Sortu’, ‘Dastatu’, ‘Jolastu’ eta ‘Eraiki’ aditzekin izendatuko dituzte.
‘Eraiki’ eta ‘Dastatu’ deituriko guneak, ibilbideari hasiera eta amaiera emango diotenak alegia, Tabira inguruan dagoen Ibaizabal ikastolatik gertu eta Kurutziaga ikastolan jarriko dira, hurrenez hurren. Beste hirurak, herriko beste hainbeste lekutan jarriko dituzte; ‘Jolastu’ deiturikoa Urki kalean dagoen jolas gunean kokatuko da; ‘Sortu’ deiturikoa Landako Gunea izango du kokagune eta ‘Hezi’ deiturikoa hiltegi zaharraren inguruan egongo da.
Boluntarioak
Bestalde, Ibilaldiaren antolatzaileek lan ezberdinak egiteko gonbita egin dute. Egin beharreko lanak trafikoa zuzentzea, guneak atontzea, muntaketa egitea, barra eta sukaldeetako lanetan laguntzea edo garbiketari lotutakoak dira. Boluntario moduan lagundu nahi dutenek www.ibilaldia.eus web orrian izena eman dezakete.