Durangoko 20 establezimendu baino gehiagok ‘Euskaraz barra-barra’ bereizgarria jarri dute euren lokaletan, herritarrei euskaraz hitz egiteko aukera bermatuz. Izan ere, ikur horrek adierazten du negozio horretako langile guztiek edo gehienek euskara ulertu eta hitz egiten dutela.
Durangoko Udalak kanpainarekin bat egiteko gonbitea egin die oraindik bereizgarririk jarri ez duten denda, taberna eta gainerako establezimenduei, helburua “pixkanaka herriko establezimendu gehienak ekimen honetan sartzea” delako. Gainera, “herri osoan euskara erabiltzeko gonbidapen aktiboa” egin die herritarrei.
Kanpainan parte hartzeko, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jarri behar da online formularioaren bidez bidez edo 630 47 43 32 telefonora deituz.
‘Euskaraz barra-barra’ egitasmoa Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak elkarlanean abiatu dute, eta marka bateratu eta unibertsal hori Euskal Herriko txoko guztietara zabaltzea da asmoa.