Abenduaren 5etik 8ra bitartean egingo den Durangoko Azokako antolatzaileek edizio berriaren prestakuntzak egiten hasi dira dagoeneko eta azken egunetan Ikasle Egunerako antolatutako tailerretan, erakusmahaiak alokatzeko zein aurkezpenak egiteko eskari epea ireki dute.
Azokaren lehen egunean ospatuko den Ikasle Goizerako prestatutako zortzi tailerrak Euskal Herriko ikastetxe eta hezkuntza-zentroetako ikasleei zuzenduta daude. Jarduerak Azokako zortzi guneetan zein Durangoko liburutegian eta Arte eta Historia Museoan izango dira.
Carmen Elvirak emango duen ‘Liburu bat egingo dut’ tailerrean liburu bat nola egin eta editorearen lanbidea ezagutzeko aukera egongo da. ‘Enkarguz’ek berriz, abesti bat egiteko sormen prozesuan murgiltzeko aukera emango du eta Nerea Lekuonak emango duen ‘Kaligrafia’ tailerrean Juan Itziarkoak eta Albert Dürerek egindako ekarpenak ezagutzeko aukera eskainiko du.
‘Soinu efektuak zinemagintzan’; ‘Moon: konputagailu baten funtzionamendua’; haurren irudimena eta gaitasun narratiboa landu nahi dituen ‘Hitzik gabe gelditu ziren ipuinak’; antzerki obra baten sorkuntza prozesuan sakonduko duen ‘Oraindik izen gabe’ eta ‘Euskal musika transmisio tailerrak’ osatuko dute aurtengo eskaintza.
Tailerretan parte hartu nahi duten ikastetxe eta hezkuntza-zentroek urriaren 14ra arte izena eman ahal izango dute, horretarako www.durangokoazoka.eus webgunean erregistratu beharko direla aldez aurretik.
Informazio gehiago nahi izanez gero edo zalantzaren bat argitzeko, ikasleak@durangokoazoka.eus helbidera idatzi edo 673 005 981 zenbakira dei daiteke.
Aurkezpenak
Durangoko Azokan egoteaz gain euren lanak bertan aurkeztu nahi dituzten sortzaileek, urriaren 14ra arte egin dezakete aurkezpenak egiteko eskaria. Sorkuntza berriak Azokak dituen zazpi guneetan aurkeztu ahal izango dira: Landakoguneko Areto Nagusian, Kabi@n eta Ahotseneak dituen bi guneetan; erakustazokaren inguruan dauden Saguganbaran, Plateruenan edo Irudienean edo San Agustin Kultur Gunean egongo den Szenatokian, hain zuzen.
Informazio gehiago nahi izanez gero edo zalantzaren bat argitzeko Ioar Oteizarekin , jarri harremanetan komunikazioa@durangokoazoka.eus helbide elektronikoan edo 660 716 097 telefonoan.
Durangaldeko argitalpenak eta erakusmahaiak
Gerediaga Elkarteak eskualdeko sortzaile, elkarte eta erakundeei inolako kosturik gabe Durangoko Azokan beren produktuak erakusgai eta salgai jartzeko aukera ematen die. Azokaren araudi nagusia betetzeaz gain, helbide fiskala Durangaldeko udalerriren batean izan behar du eskatzaileak eta produktu guztiak ‘Durangaldeko argitalpenak’ bezala erakutsiko dira. Izena emateko Gerediaga Elkartera jo behar da.
Gainontzeko erakusleentzat irailaren 30ean amaituko da erakusmahaien alokairua eskatzeko epea. Aurten ere, erakusmahai handia, txikia edo auto-ekoizleen gunea aukeratu ahal izango dute bertan beraien produktuak eskaini nahi dituzten sortzaileek.