
51. Durangoko Azokako guneetan parte hartzeko izen-emate epea ireki du gaur Gerediaga elkarteak. Zortzi izango dira aurten ere Landako gunean eta gainontzeko tokietan egongo diren espazioak eta inskripzioa egiteko azken eguna urriaren 16a izango da.
2016ko Azokak ohiko espazioak diren Areto Nagusia, Kabi@, Ahotsenea, Plateruena, Saguganbara, Irudienea, Szenatokia eta Azoka TB izango ditu aurten ere eta bertan egon nahi duten sortzaileei euren lana erakusteko aukera eskaintzen die. Azoka TBn musikari eta disketxeek bideoklipak bidaltzeko aukera dute, gainontzeko guneen epe berberarekin.
Gune bakoitzak bere egitaraua propioa izango du eta iaz 250 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu ziren, besteak beste, kontzertuak, solasaldiak, proiekzioak, hitzaldiak eta antzezlanak.
Proposamenak bidaltzeko bidea www.durangokoazoka.eus web orrialdea da. Parte hartzea nahi dutenek bertan ikusiko duten legez, aldez aurretik erregistratu beharko dira, eta hainbat urrats jarraitu beharko dituzte proposamena bidaltzeko.
Ahotsenearen kasuan, gainontzeko guneetan ez bezala, proposamenak e-postaz bidali beharko dira info@ahotsenea.net helbidera. Gune horri buruzko informazio gehiago dago http://ahotsenea.durangokoazoka.eus mikrositean, baita bete beharreko irizpideak.
Gunez-guneko aurkezpen irizpideak:
Areto Nagusia: 30 minutuko tarteak dira, argitalpenak zein proiektuak aurkezteko.
Azoka TB: Bideoklipak, booktrailerrak… bidal daitezke.
Ahotsenea: 30 minutuko tarteak dira, euskarazko literatura eta musika aurkezpenak.
Irudienea: Euskarazko ikus-entzunezko lanak.
Kabi@: Kultura digitalarekin lotuz, esperimentazioa, sormena, erakusketak, tailerrak, proiektuak, topaketak, partehartzea, eztabaidak…
Saguganbara: Idazleen aurkezpenak, tailerrak eta ekintza bereziak antolatzen dira, irakurketa aktiboa bultzatzeko. Publiko gaztetxoa.
Plateruena: Gaueko kontzertuak. Eguneko animazio proposamenak aztertuko dira.
Szenatokia: Arte eszenikoen topalekua. Antzerki Maratoian beren obraren zati bat erakutsiko duten taldeek parte hartu dezakete -profesionalak zein amateurrak-. Informazio gehiago http://bit.ly/2ckurQr