Durangoko Bideografik ekoiztetxeak Marmoka Filmsekin elkarlanean sortutako ‘Aire!’ dokumentala estreinatuko du domekan Zinebi-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren ‘Bertoko begiradak’ atalean.
Gentzane Martinez de Osabak zuzendutako filma “hiru urtez buru-belarri aritu ondoren” egindako lanaren emaitza da, ekoizleen esanetan. Ikus-entzunezkoa “bidaia musikal bat da, musikaren ahalmen eraldatzailea, naturaren edertasuna eta tradizioa ardatz dituena”.
‘Aire!’ Arratiako bailararen bihotzean kokatzen da eta “Maurizia Aldeiturriaga, XX. mendearen hasieran euskal musika herrikoia goitik behera aldatu zuen panderojole ikonikoaren figuran” oinarritzen da.
Ikus-entzunezkoan azaltzen diren Euskal Herriko eta Kataluniako 13 gazteek, musika-pieza bat sortuko dute. Egitasmoa gauzatzeko, musika tradizionalean adituak diren hiru musikarien gidaritza eta Maurizia beraren eragina izango dute. Egindako lanaren ondorioz, “gazteak musika ulertzeko modua aldatuko duen sortze-prozesu batean murgilduko dira”.
Estreineko emanaldia Bilboko BBK Aretoan izango da, 18:00etan hasita.