Euskal Herrian Euskaraz ekimenak martxoaren 24an Iruñean egingo duen manifestazio nazionalerako deialdia egin du eta bertara joateko gonbidapena egin du Durangoko EHEk. ‘Mugarik gabeko euskara, ofizialtasuna’ goiburupean egingo den mobilizazio horretara joateko autobusa antolatu dute Durangotik.
Manifestazioan “euskarari eta euskal herritarroi ezartzen zaizkigun mugak gainditu eta euskararen normalizazioan jauzi egiteko burujabetza eskuratzera goazela” aldarrikatuko dute. Gainera, “euskara berezko hizkuntza, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa” izendatzea ere eskatuko dute.
EHEn esanetan “Euskal Herria berreuskalduntzea da euskaltzaleon lanaren iparra” eta “herri gisa hori lortzeko eskubidea dugu”. Helburua erdiesteko beharrezkoa da “euskararen berreskurapena eta normalizazioa azkartu” eta, horrekin batera, ezagutza unibertsalizatu, plan estrategiko nazionala garatu zein bitarteko nahikoak izatea.
Iruñeako autobus geltoki zaharretik arratsaldeko 17:30ean abiatuko den manifestaziora joateko bidaia antolatu dute Durangotik. Autobusa 14:45ean aterako da Madalenatik eta gaueko 21:30ean egingo du buelta. Autobuserako txartelak Intxaurren eta Plateruenan egongo dira salgai.