Urte batzuetako geldialdiaren ondoren aurten berriro jarri da martxan Durangoko Euskara Kontseilua. Urte guztian zehar bost aldiz batu da (apirila, maiatza, ekaina, iraila eta urria), eta azken honekin eman dio itxiera aurtengo ibilbideari.
Euskara Kontseiluan Durangoko hainbat eragile batu dira (kirol elkarte eta mugimenduak, ikastetxeetako ordezkariak, kultur elkarteak, udaleko langile eta ordezkari politikoak…) eta bere eginkizun nagusia AROA garatzeko lanketa eta hausnarketak egitea izan da.
AROA datozen lau urteetarako (2025-2029) Durangorako Euskara Plana da, eta bertan bilduko dira hurrengo urteetan euskararen inguruan herrian egingo diren ekintza eta gidalerroak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak euskararen erabilera indarberritzen jarraitzeko AROA marko estrategikoa onartu du 2024an, tokiko administrazio guztientzat baliagarria dena. Orain arte Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) hamar urtetan egon da indarrean, 2012-2022 bitartean.
AROAren helburua testuinguru eleaniztunean euskal hiztun aktiboak eta ahaldunduak dituen komunitatea indartzea da, gizarte ekitatibo eta justua eraikitzeko asmoz, eta besteak beste, etorkinentzako AISA euskara ikastaroak eta merkatari eta ostalariek errotuluak, webguneak eta sare sozialak euskaratzeko dirulaguntzak biltzen ditu. Planak udaleko ordezkarien oniritzia jaso beharko du datozen asteetan.
Atzo, urriaren 10ean, Euskara Kontseiluak Elkartegian burututako azken bileran, San Fausto jaiak ate joka daudela probestuta, Kontseiluko kideek festak euskaraz bizitzeko gonbita luzatu diete herritarrei.