Maiatzaren 15ean hasiko da euskaldunak euskaraz aritzera bultzatzen dituen ariketa sozial erraldoia, ‘Elkar mugituz egingo dugu’ da leloagaz. Ekimenaren nondik norakoak ez ezik, Durangoko Euskaraldiaren ‘hamaikakoa’ ere aurkeztu da. Milaka herritarrek bezala, Euskaraldian hartuko dute parte, batzuk ahobiziak, besteak belarriprestak, eta funtsean, egitasmoa Durangon zabaltzen lagunduko duten herritarrak dira.
Durangoko Euskaraldiaren ‘hamaikakoa’:
- Helena Barrenetxea Fernández, zestalaria.
- Julen Bengoa Meabe, Geu Be elkarteko kidea.
- Katalin Garaita Zurikarai, kazetaria.
- Usue Egia Fernández de Retana, ilustratzailea.
- Elena Olave Duñabeitia, idazlea.
- Gorka Madrazo Ortuzar, euskalgintzako aktorea.
- Urdaspal Alberdi Uria, lehen sektoreko ekoizlea.
- Jose Moya, ostalaria.
- Hilario Pérez Meñica, hainbat kirol eta kultur elkarteko kidea.
- Jheimy Fernanda Lopez, euskaltegiko eta bikote linguistikoetako ikaslea.
- Marisa Barrena Larruzea, aktibista soziala.
2018an egin zen lehenengoz Euskaraldia, eta ordutik, hiru edizio egin dira. Hau, beraz, laugarrena izango du ekimenak. Helburua berdina da: euskararen erabilera aktibatzeko mugimendua elikatu eta gizartea errotzea.
“Euskaraldiaren bidez, euskararen erabilera aktibatuko duen mugimendua sortu nahi dugu, kaleko euskalgintza, euskaldun eta euskaltzealeak mugiaraztea, alegia. Durangon eta Euskal Herri osoan euskararen erabilera aktibatzeko prest dagoen jendea batu, trebatu, antolatu eta dinamika soziala bihurtu gura dugu. Milaka eta milaka herritarrek, aldi berean, Senperen, Lizarran, Bilbon eta Durangon euskararen aldeko urratsa ematea hunkigarria da eta ilusioa pizten du”, azaldu dute antolatzaileek.
Martxotik aurrera
Berritasunak berritasun, Euskaraldiaren oinarriak mantendu egingo dira: partaideek ahobizi ala belarriprest rola hautatuko dute, izena eman, eta 11 egunez, dagokien txapa jantzita egingo dute ariketa; baldintza bi bete behar dituzte parte hartzaileek, 16 urte baino gehiago edukitzea, eta euskaraz ulertzea. Martxotik aurrera eman ahalko da izena. Bertan aukeratuko dute herritarrek bete nahi duten rola.
‘Elkar mugituz egingo dugu’ lelopean, maiatzaren 15etik 25era egingo dute Euskaraldia. Hasi aurretik eta egitasmoa berotzeko, hainbat ekitaldi antolatu dira Durangon, adibidez, hitzaldi bat eta kontzertu bat. Datak aurrerago zehaztuko dira.