
Durangoko ‘iratxo feminista goiztiarrak’ fin-fin ibili dira hiriko kaleetan barrena eta more koloreko apainekin ‘jantzi’ dituzte erdiguneko hiri-altzariak. Ekimen horrekin biharko greba feministarekin bat egiteko gonbitea luzatu dute.
Herriko emakumeak biltzen dituzten taldeak bihar, Martxoak 8, egingo duten 24 orduko grebarako azken prestaketak egiten ari dira gaur. Gainera, mundu osoko emakumeak mobilizatzeko deia egiten duen aldarrikapen eguneko ekintzak gauerdian hasiko dira, Kurutziaga kalearen sarreran margoztuko duten muralarekin.
Gauerdiko margoketa Martxoaren 8ko lehenengo ekimena izango bada ere, grebalariek Herria, Madalena eta Kurutziaga irteerako biribilgunean batu eta Andra Mariko bidea hartuko dute, goizeko 8:00etan izango den kazeroladan parte hartzeko.
Ordu bete geroago armosu autogestionatua egongo da. Horren ostean hasiko den eragile feministen arteko tertuliarekin, egunean zehar burutuko den egitarau zabalari hasiera emango zaio.