Uxue Zabala, Durangoko Erdi Mailako Kontserbatorio Profesionaleko zeharkako flauta ikasleak, plaza lortu du Asturiasko Goi Mailako Kontserbatorioan, interpretazioko musika ikasketekin profesionalki jarraitzeko.
Oviedon dagoen ikastegian plaza lortzea “albiste garrantzitsua da Bartolome Ertzilla Kontserbatorioarentzat”, adierazi dute ikastetxetik.
Gainera, bi arrazoi aipatu dituzte. Alde batetik, “Goi Mailako Musika Zentroetan eskaintzen diren plazak oso urriak dira eta konpetentzia apartekoa da; beraz, aurkezten diren ikasleen maila oso altua da”.
Bestalde, “Bartolome Ertzilla tamaina ertaineko zentroa da, probintziako hiriburuetako Kontserbatorio profesionaletako ikasleekin lehiatu behar duena. Horregatik, bertako ikasleak maila horietan kokatzea oso lorpen garrantzitsua da maila akademikoan irakasle-talde osoarentzat”.
Goi-mailako ikasleak
Zabalak lortutakoa azpimarragarriagoa da oraindik, kontuan hartzen bada “Nafarroako Goi Kontserbatorioko Flautaren Pedagogia Ikasketetarako sarbide-probetara ere aurkeztu zen, eta han ere plaza lortu zuen”. Hala ere, Asturiasko Kontserbatorioa aukeratu du.
Durangoko Erdi Mailako Kontserbatorio Profesionalean ikasi ondoren, “27 gaztek amaitu dituzte edo egiten ari dira Musikako goi-mailako ikasketak, 2006-2007 ikasturtean Kontserbatorio Profesionalaren lerroa ezarri zenetik, lehendik zegoen Musika Eskolarekin batera”, azpimarratu dute Bartolome Ertzillako arduradunek.
Musikari horien guztien artean, espezialitate askotakoak daude: oboea, klarinetea, biolontxeloa, txistua, biolina, bateria, baxu elektrikoa edo pianoa/musika-hizkuntzaren pedagogia, besteak beste.
Bartolome Ertzillatik azpimarratu dutenez “azaldu behar da orain musika benetako alternatiba profesional gisa jorratzen duten gazte horietako asko, Bartolome Ertzilla musika-eskolan hasi zirela Musika eta Mugimendu mailan; Musika eta Mugimendua, musikara hurbiltzeko hasierako maila da, 4 eta 6 urte bitarteko umeak daude maila honetan”.