
Bilduk euskararen erabilera sustatu eta normalizatzeko Udal Ordenantza “behin eta berriz” urratu duela salatu du Zaldibarko EAJk. “Hainbat alditan euskararen defentzaile sutsu hauek Ordenantza bete gabe uzten dute, eta gaztelania hutsean aritzea aukeratzen dute”, berretsi dute jelatzaleek prentsa ohar baten bidez.
Nerea Garitagoitia, Zaldibarko EAJren Udal Taldearen bozeramaileak gogoratu duenez, irailaren 20an Udal Gaztediari buruzko mozioa ele bitan aurkeztu zuten, eta zaborren kudeaketaren inguruko galdera ere aurkeztu zuten, “kasu honetan euskara hutsean”. “Gobernu taldearengandik jaso genuen erantzuna gaztelania hutsean zegoen idatzita. Ele bitan edo euskara hutsean eman beharko lirateke erantzunak, Euskararen Udal Ordenantzaren 2,3,4 eta 5 artikuluak ezartzea dagokigulako”, salatu du zinegotzi jeltzaleak.
Garitagoitiak jakinarazi duenez, beste Administrazioekin tramiteak egiteko espedienteetan aurkezten diren agiriak “gaztelania hutsean daude. Enpresak kontratatzen dira kirol azpiegiturak kudeatzeko, baina inolako hizkuntz eskakizunik eskatu edo egiaztatu gabe”.
Bere esanetan “zentzugabekeriarik handiena da udal batzorde informatiboetako txosten juridikoak zein hirigintzari buruzkoak, Cervantesen hizkuntzan idatzita daudela. Bildu gorritu ere ez da egiten. Guk zinismo politiko deitzen diogu horri”.
DURANGON. Zaldibarko albisteak