Garaiko Udalak antolatutako Baserriko Produktuen Azoka egingo da domekan herriko plazan 11:00etatik aurrera. Aurten, bertan ekoitzitako produktuekin hornitutako 12 postu jarriko dira, Garaiko zein eskualdeko biztanleei “urteko sasoi berezi honetan kalitatezko elikagaiak eta produktu naturalak eskuratzeko aukera” eskainiz.
2019tik Urkiola Landa Garapenerako Alkartearekin batera antolatutako ekimenaren helburua da “bertan ekoitzitako elikagaiak ezagutaraztea eta merkaturatzen” laguntzea. Gainera, “baserriko produktuak, ekoizleak, abeltzaintza, gastronomia eta turismoa sustatzea” nahi dute.
Guztira jarriko diren 12 postuetan ardi- eta behi-gazta, ortuariak, kontserbak, garagardoa, baserriko ogia, gozokiak, txerrikiak, ahatekiak, txakolina, sagardoa, txokolatea eta eztia erosteko aukera egongo da. Taloa txorizoarekin edo urdaiarekin eta edatekoa eskainiko dituen txosna ere jarriko da.
Aipaturiko bi helburu nagusiez gain, antolakuntzak baserritarrak kalitatezko produktuak ekoiztera bultzatu nahi ditu, eta “berton ekoitzitako produktuak ardatz hartuta, elikadura-komunitatea sortzera eta indartzera” deitu du.
Euria eginez gero, azoka frontoian egingo da.