Orain arte “udaletxetik ez bada programazio berezirik” prestatu abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Egunaren inguruan, Gobernu Talde berriak hizkuntzaren alde egiten duen “apustu inportantea” kontuan hartu eta programa “xumea” prestatu du, Ima Garrastatxu Durangoko alkatearen esanetan. Aurtengo egitaraua “etorkizunean hobetzen eta handitzen” joango direla ere adierazi du.
Euskararen Egunak duen garrantzia kontuan hartzeko “Udaletik ekimen zehatzak jartzen ditugu martxan” eta hitzetara mugatu beharrean “ekintzak martxan jartzen ditugu”, Garrastatxuren arabera. Eredu lez “gaur arratsaldean osoko bilkuran onartuko dugun Euskararen Plana” aipatu du, dokumentu horrek “herri euskaldunago eta anitzago bat eraikitzen” lagunduko baitu.
Udalak prestatuko egitaraua Euskararen Egunari “behar bezalako garrantzia emateko” baliagarria izango dela deritzo Ane Abanzabalegi zinegotziak. Hasteko, Plateruena Kafe Antzokian jarri dituzten panelak aipatu ditu, non edonork abenduaren 3a arte hizkuntzaren inguruko desioak eta nahiak zein izandako bizipen onak idazteko aukera izango duen.
Bakarrizketa eta irakurraldia
Egitarauan tartekatutako bigarren ekimena abenduaren 2an Plateruenan egingo den Mintzodromoa izango da. Goizeko 10:00etatik 12:00etara eta arratsaldeko 17:30etatik 19:00etara egingo diren bi saioetara gonbidatuta daude “berbalagunak, euskaltegietako ikasleak, ikastetxeetako batxilergoko ikasleak zein euskara praktikatu eta bizi nahi duen edozein gonbidatuta dago”, Berbalagun egitasmoa koordinatzen duen Irati Anakabek adierazi duenez.
Bertan parte hartzeko izena eman behar da barikura arte, 639400786 telefonoan edo durangaldea@aek.eus helbide elektronikoan.
Arratsaldeko saioa amaitu ondoren Mikel Martinezen ‘Tabernaria’ bakarrizketarekin gozatzeko aukera egongo da. Patxo Telleriak idatzi eta zuzendutako ikuskizuneko protagonistak bere ohiko bezeroak bilduko ditu kaña bat ondo botatzen erakusteko. Baina, bakarrizketa aurrera joan ahala, tabernariaren desirak, zalantzak eta beldurrak ageriko dira, beste gai sozial batzuez gain.
Aurtengo programazioa abenduaren 3an, 11:00etatik aurrera, Plateruenan egingo den irakurraldiarekin osotuko da. Ekitaldian, Udaleko Gobernu Taldeak zein gainontzeko alderdi politikoek idatzitako testua irakurtzeaz gain, “gure helburua herritarrak parte hartzera” gonbidatzea da Abanzabalegiren esanetan eta horretarako Euskararen Egunaren inguruan edo hizkuntzari buruz idatzita duena edonork irakurtzeko aukera izango du.
Euskaren eguna ospatu beharrik ez dut ikusten. Herri bateko egitarauari barik, herri horretan udal sail guztietan zein hizkuntzatan ari diren ikusi behar da, herriko kirol eskaintza zein hizkuntzatan dan, herriko elkarteetan aisaldia/kultura/kirola zein hizkuntzatan den….hori da inportantea, ez egun bateko egitaraua. Beraz, herriren batean egitaraurik ez badago, bardin da, beste guztia euskaraz bada
Iraganean ateratzen zituzten argazki ‘soilek’ baino, euskalgintza gehiago indartuko du arratsaldean plenoan onartuko den Euskara Planak, beraz eskerrik asko. Bai egitarau ‘txiki’ honengatik eta batez ere Euskara Planarengatik. Aurrera goaz!