Elorrioko Udaleko Berdintasun arloak ‘Eguberri parekideak eraikitzen’ ekimena prestatatu du Gabon egunen inguruan. Etxez-etxe banatutako triptikoetan “parekidetasunean oinarritutako Eguberri aske batzuk bizitzeko aholkuak” ematen dira.
Esku-orriaren bidez “kontsumoak eta irizpide sexistak botere handia” hartzen dutela ohartarazi nahi dute. Hori dela eta, hiru atalen inguruko hausnarketa egiteko gonbitea egiten du Berdintasun arloak.
‘Guztiok, ospatu, guztiok gozatu’ atalaren bidez, egun hauetako bazkari eta afariak tradizionalki emakumeak prestatzen dituztela eta, “prestaketan eta garbiketan guztiok parte hartu beharko genuke” proposatzen da.
‘Kontsumo arduratsuen jendartea’n berriz, “kontsumismora bultzatzen gaituzten estrategiak” eta “horiek identifikatzeko” gonbitea egiten da. “Ohituren inguruan hausnartzen…” azken atalak berriz, berdintasunari buruzko ariketa egitea proposatzen da galdetegi baten bidez.
‘Eguberri parekideak eraikitzen’ ekimena urtarrilaren 3an jarriko den Eguberri parekideak sortzeko informazio gunearekin osatuko da. Herriko plazan 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara kokatuko den jaiman, mezu desberdinak erakutsiko dituzten txapak egiteko tailerra egongo da.