
Durangoko Sorginola gaztetxeko partaideek egun osoko jaia prestatu dute biharko eta auzolana iganderako. Ekimenaren helburua otsailaren 6an jasandako lapurretak eragindako kalteei aurre egitea izango da.
Tabiran dagoen gaztetxean egingo dituzten ekimenak eguerdiko 14.00etan hasiko den bazkariarekin abiatuko dira. Bazkalostean bingo musikatua eta mus eta partxis txapelketak egongo dira.
Arratsaldeko 20.30etatik aurrera Cacilia Payne eta The Godoys Wonderers-ek eskainiko dituzten kontzertuekin osatuko da eguneko egitaraua.
Zapaturako antolatutako ekimenetan parte hartzeko beharrezkoa da 7 euro balio duen ticketa erostea, Intxaurren, Tabiretxen edo Mesoi Berrian.
Asteburuko eginkizunak domekan goizeko 11.00etatik aurrera egingo duten auzolanarekin osatuko dituzte.
Ekimen hauen bidez lortutako dirua, lapurrek eragindako kalteei aurre egiteko bideratuko dituzte. Lapurren helburua “kontzertuetan erabilitako materiala lapurtzea” izan zela uste badute Sorginolako kideek, tresneria aurkitu ez eta “lanerako erramintak, liburutegiko pelikulak, aparailu elektroniko batzuk eta asteburuan sobera geratutako edari botilak eraman zituzten”.