Durangaldeko EH Bilduk “anbulategien itxiera” salatzeko eta “Osakidetzaren indartzea aldarrikatzeko” mozioa aurkeztu du eskualdeko hainbat udaletxetan.
Ekaina eta uztaileko osoko bilkuretan eztabaidatu edo eztabaidatuko diren eskarietan, “osasun etxeetan dagoen izugarrizko profesional gabezia” salatzen dute. Horren ondorioz, profesional batek “gainerakoen agendak bete behar izaten ditu edo egunerokotasunean 45 kontsulta izaten ditu”, eta egoera horretan “ezinezkoa da pazienteei kalitatezko arreta bermatzea”.
Gainera, “hainbat osasun etxeetan bizitza osoan izandako zerbitzuak ixten edo murrizten ari dira” salatzeaz gain, “kontsulta presentzialak lortzea gero eta zailagoa izaten da” eta adinekoen eta kronikoen jarraipena egiteko “gero eta zailtasun handiagoak” daudela adierazi dute. Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren iragarkia ere kritikatu dute, ez baita bidezkoa “herri txikietan medikura joateko beste herri edo hiri batera” joan behar izatea.
Zerbitzuak bermatzea
Zaldibar, Elorrio, Mañaria, Izurtza, Abadiño edo Berrizen aurkeztutako mozioan, “urte osoan zehar, uda sasoian barne, osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak bermatzea” eskatzeaz gain, “lehentasunez mediku egoiliarren kontratazio-eredua aldatu dezala, kontratu egonkorrak eta lehen arretan euren garapen profesionalerako ibilbidea ahalbidetuko dutenak bermatuz” eskatzen du koalizioak. Azkenik, “Lehen Arretarako eskaintzen duten mediku, erizain eta gainerako osasun profesional kopurua handitzea”, exikitu dute.
EH Bilduk, Podemos-IU, EAJ eta PSErekin akordioa sinatu zuen otsailean Legebiltzarrean “Durangaldeko osasun zerbitzuen beharrak aztertu eta neurriak planifikatzeko”. Lanketa horien baitan, “Mañaria, Izurtza, Elorrio eta Durangoko udalek herrietako osasun beharrak aztertu eta antzematen zituzten beharren zerrenda bidali zioten Osasun Sailari, baina ez dute oraindik erantzunik edo bilera deialdirik izan”.
Hilabete horretan, “Osasun Sailak beharren azterketa Mankomunitatearen bitartez egingo zuela” iragarri bazuen ere, eskualdeko erakunde horrek “ez du horretarako eskumenik”, koalizio soberanistak azpimarratu duenez. “EH Bilduk Mankomunitateari bere eskumenetan aritzea eskatu zion, ez baita legegintzaldi honetan bereak ez diren eskumenetako gaietan iragarpenak egin dituen lehen aldia”.