
Bizkaiko Foru Aldundia garatzen ari den ‘Garbigune mugikorra” kanpainaren aurrean Durangaldeak “beste Garbigune finko bat” behar duela uste du EH Bilduk. Aldundiaren ekimena Elorrion eta Izurtza dago aste honetan; Mañarian eta Zaldibarren egongo da datorren astean eta abenduko azken astean Berrizen kokatuko da.
Aldundiaren kanpainak aste bete egiten du gerturatzen den herri bakoitzean, baina horrelako ekimenak “ez dute ezertarako balio” talde soberanistaren arabera. Izan ere, “Garbigune mugikor hauek kontzientziaziorako tresna izan daitezke”, baina “kanpaina isolatu bezala” planteatzen dira eta bertan ez da hezitzailerik egoten.
Baserri itxura duen instalazioan batzen dena bananduta batzen dela dagoeneko uste du talde abertzaleak. “Urte osoan zehar Garbigune mugikorrean jaso daitezkeen hondakin gehienak herrietan era berezituan batzen dira jadanik: pilak, elektrotresna txikiak edota olioa, esate baterako”.
2 milioi kilo
Durangoko Montorreta auzoan dagoen ‘gunean garbian’ ia 2 milioi kilo hondakin jaso ziren 23017an, Aldundiaren datuen arabera eta EH Bilduk salatu duenez “Durangaldea Bizkaian Garbigune finko gutxien duen eskualdea da. Beraz, Garbigune mugikorrak baino gehiago, gure eskualdeak beste Garbigune finko bat behar du”.
Alderdi soberanistak zabaldutako oharraren arabera, beste erabaki bat hartu beharko litzateke “hondakin politika eraginkorragoa lortzeko”. Taldea honen arabera “edukiontzi marroira bota daitekeen hondakin zerrenda handitzea, animalia jatorrikoak bertan sartuz. Durangaldea inguratzen duten eskualde gehienetan jadanik egiten da”. Horren eredu jarri dute Lea Artibai eskualdea,bertan jasotako emaitzak “osoa onak” izan baitira.
EH Bilduk proposatzen duen neurria “Bizkaiko gainontzeko eskualdeetan aplikatuta, Europak hondakinen bereizketaren inguruan markatzen dituen zenbatekoetara iristea lortuko genuke”.
Gainera, Aldundiaren ekimena “propaganda kanpaina” dela uste du, “herri batzuen kasuan behintzat, medioetatik jakin dute beraien herrietara noiz eramango duten” Garbigune mugikorra.