
Euskal Herrian Euskarazek, herri mugimenduko eragile euskaltzaleak, Otxandion ospatuko du apirilaren 18an 2015eko Euskara Bizi Eguna eta horretarako egun osoko egitaraua prestatu dute. EHEko Nestor Estebanentzat “urteko egun potoloena” den honekin euskaraz bizitzeko hautuari “behar duen bultzada emateko eguna” da.
Otxandio herri euskalduna izanik euskararen alde egiteko prest dago eta horregatik “euskararen arnasgune txikia eta euskaldunon babesgune handia” dela azpimarratu du Estebanek.
‘Euskaraz Bizi Eguneko’ protagonistak herriko taldeak izango dira, besteak beste, bertan izango baitira kantu-poteoa girotuko duen Soinubil kantu lagun elkartea, kalejira egingo duten txistulariak, futbol partidua jokatuko duen Bulkano taldea, Batukotx batukada edo Urduri dantza taldea. Gainera, egunari hasiera emateko Mirugain mendi taldeak goizeko bederatzietan abiatuko den mendi martxa antolatu du.
Prestatuko egitarauan adin guztietakoentzako ekitaldiak tartekatzen dira. Haurrentzat puzgarriak, tailerrak eta jolaskak prestatu dituzte Kimuak-ekoek; harri-jasotze erakusketa egingo du Urdax Magunazelaiak; Euskal Border ikuskizuna antzarekin erakustaldia egongo da eta 450 laguntzako bazkaria ere prestatuko dute.
Bazkalostean Gibelurdinak taldearen saioa egongo da eta gauean Luhartzen erromeriaz gain Gozategi eta Governors taldeen ekitaldiak izango dira plazan kokatuko den karpa erraldoian. Gaztetxean berriz, Dj Eleputoren saioa izango da.
EHEkoek “euskaldun eta euskaltzale guztiei dei egiten diegu” Otxandiora Euskaraz Bizi Eguna ospatzeko eta “euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzeko”.