Euskal Herriko toki desberdinetako 24 artisau eta sortzaileek euren postuak jarriko dituzte domekan Elorrioko Urarka kalean, goizeko 10:30etatik eguerdiko 14:30ak arte.
Eixu Artisau Elkarteak antolatutako ekimenak 7. edizioa beteko du eta “mimo handiz” prestatutako ekimenean egongo diren artisau eta sortzaileek “zuzenean egiten dituzten lanak ikusi eta eskuratzeko aukera” eskainiko dute. Beraz, bertaratzen direnek “artisaua eta sormen prozesua zuzenean ezagutzeko aukera” izango dute, antolatzaileen esanetan.
Elkarte eragileak prestatzen dituen gainontzeko ekimenetan bezala, “kalitatezko azoka anitza izango da, non zeramikagileak, ilustratzaileak, diseinatzaileak, bitxigileak, ehungintza, larrugintza…. izango den”. Gainera, Aretxabaletatik gerturatuko den Sualaiko Iker forjariak lanbide horren erakustaldia egingo du goizean zehar, suarekin metalaren formaren eraldatze prozesua erakutsiz.
Ohikoa denez, umeentzako espazio berezia prestuko dute, eta adierazpen eta jolaserako txoko lasai bat izango dute Urarkako plazan. Bertan, Hosi Sound Maker zuzenean musika sortzen arituko da, bere arte sonoro esperimentala publikoarekin partekatuz, gorputzak eta objektuekin jolastuz soinuak sortuz.
Belarriak gozarazteaz gain, plaza horretan “gure ahoa eta sabela Euskal Herriko talo zaporetsuekin betetzeko aukera izango da”, antolatzaileen esanetan.