Durangaldeko zenbait artisau biltzen duen Eixu elkarteak Gabonetako Artisau eta Sortzaileen azokaren hirugarren edizioa jarriko du asteburu honetan Landako Gunean. Bertara gerturatuko diren 22 artisau eta sortzaileek euren produktuak eskainiko dituzte barikutik domekara, 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:00etara.
Landakon jarriko diren postuetako sortzaileek “Durangaldeko herritarrei gabonetako opari bereziak egiteko aukera” eskainiko dute, bertan erakusmahaietan “mimo handiz eginiko produktuak” eskuragarri egongo direlako.
Aurtengo azokara gerturatzen diren herritarrek, bitxigintza, ehungintza osagarriak, egur taila, kosmetika naturala, artilea, larrukigintza, makrame, tindaketa naturala edo estanpazio botanikoaren postuak bisitatzeko eta bertan erosketak egiteko aukera izango dute. Gainera, etxeko txikienentzako atondutako txoko bat ere izango da.
Barikuko eta zapatuko erosleen artean, azokan bertan gastatzeko bono batzuk zozketatuko dira.
Elorrion abenduaren 23an
Durangoko azokaz gain, Eixuko ekoizleek Elorrioko Gabonetako Azoka antolatzen ari dira abenduaren 23rako. Plazako frontoian goizen egingo den ferian 12 artisauen sorkuntzak egongo dira eskuragarri.