Zaldibarko Udalak ekimen ugari antolatu ditu aurten ere euskararen erabilera sustatzeko, gaztetxoei eta gazteei zuzenduta Zapatublai eta Gaztelekua programak tarteko. Gainera, euskara ikasteko maila guztiak eskainiko dira.
2014 eta 2020 bitartean jaiotako Zaldibarko gaztetxoentzat prestatutako Zapatublai ekimenaren helburuak dira, besteak beste, lagun artean euskararen erabilera indartzea, lagunarteko giroan heztea edo natura ezagutzea eta errespetatzen ikastea.
Zapatublai irailaren 30ean hasiko da eta ekainaren 8ra arte iraungo du, taldeak hamabost egunetik behin bilduko direla.
Gazteleku programa 10 eta 16 urte bitarteko gaztei zuzenduta dago. Irailaren 9an hasiko da eta uztailaren erdialdera arte iraungo du. Jarduerak bariku, zapatu eta domeketan egiten dira, 17:00etatik 20:30era.
Ekimenaren helburua da gazteak hainbat jarduerarekin elkartzea, hala nola txangoekin, eskulanekin, tailerrekin, lehiaketekin, hitzaldiekin eta abarrekin.
Bertso afaria
AEKren laguntzarekin antolatutako Euskara Eskolan matrikulatzeko epea irailaren 20a arte egongo da irekita. Aurten, ikasketa-maila guztiak, euskalduntzea, online ikastaroak, etorkinentzako ikastaroak edo guraso-taldeentzako ikastaroak eskainiko dira. Iaz bezala, erretiratuentzako talde bat ere sortuko da, astean bi egunetan, egunean 2 orduz, joan ahal izateko.
Zaldibarko Udalak diru-laguntzak emango ditu ikasturte amaieran.
Horretaz gain, euskara praktikatzea helburu duten Berbalaguna eta Gurasolaguna programak jarriko dira martxan.
Bestalde, bertso afaria egingo da Goierriko auzo etxean irailaren 22an, Amets Arzallus eta Alaia Martin bertsolarien partaidetzarekin. Sarrerak Castet, Paula, Negugogor, Sorgin eta Karobin daude salgai 20 euroren truke (10 euro ikasle eta langabetuentzat).