
Iurretako Udalak hainbat ekimen jarriko ditu martxan urtean zehar herritarren eta herriko erakundeetan artean euskara erabilera bultzatzeko. Euskararen Aholku Batzordearen eta Elhuyar Aholkularitzaren laguntza eta lankidetzarekin gauzatutako ekimenen artean ‘Sarean sun-sun’ lehiaketa berria nabarmentzen da.
Teknologia berrietan euskararen erabilera indartzeko asmoa duen lehiaketa horrek “gazteengana gerturatzeko helburua duela” aitortu zuten agerraldian egon ziren Zorione Fundazuri zinegotziak, Elhuyar Alholkularitzako Ainara Ibañezek eta Justo Alberdi, Euskara Aholku Batzordearen kideak.
Lehiaketaren antolatzaileek, herriko txokoei, ohiturei edo gertakariei buruzko galdera bat botako dute hilero sare sozialen bidez (Whatsapp, Facebook, Twitter…). Galdera asmatzen duten herritarren artean 50 euroko erosketak egiteko txartel bat zozkatuko da hilero-hilero.
Euskararen Aholku Batzordeko kideek urtean zehar garatzeko beste hainbat ekimen prestatu dituzte. Horren artean, elkarte kultural eta sozial bakoitzean euskararen erabilera nolakoa den aztertu eta euskararen erabilera bultzatzeko zer egin dezakeen zehaztuko da.
Aurten ere euskaldun zaharren eta euskaldun berrien arteko sareak eraikitzea helburu duen ‘Mintzopotea’ egingo da. Hitzordua maiatzaren 26an izango da Dantzari plazan.
Udalak ‘Euskara betibizi’ri ere eutsiko dio. Programa horrek udalerriko merkatari eta ostalariei kartelak, menuak eta bestelako euskarriak euskaratzeko helburua du eta aurten zerbitzu-enpresa txikiak proiektuan parte hartzera gonbidatuko dituzte.
Udalak, euskararen erabilera bultzatzeko lortu beharreko helburuak zehazten dituen Euskararen Erabilera Plana berrituko du. Gainera, udaleko langile guztiek ‘Berba-sarea’ egitasmoan parte hartuko dute, bere helburua “langileen hizkuntza-ohituretan eragitea eta euren arteko harremanak euskaratzea, bai ahoz, bai idatziz” dela.
Euskararen erabilera sustatzeaz gain, Udaletik bultzatutako ekimen guztien helburua hizkuntza “gozagarri” egitea eta bere erabilerarekin disfrutatzeko gonbitea egin zuen Alberdik, hori baita euskara hedatzeko eta iraunarazteko bide bakarra.