Berrizko udalak kiroldegiko eta igerilekuko ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du. ???Ekintza anitza??? ikastaroa eta pertsona nagusiei zuzenduta luzaketa-erlajazio ariketa saioak dira aurtengo nobedadeak.
Datorren irailaren 21era arte zabalik izango da kiroldegiko eta igerilekuko ikastaroetan izena emateko epea. Beharrezkoa bada, zozketa hurrengo egunean izango da, udal arduradunek aurreratu duten bezala. Halaber, ikasturte hasiera irailaren 27an izango da eta ikastaro guztiak abenduaren amaiera artekoak izango dira.
Nobedade moduan, ???ekintza anitza??? ikastaroa eskainiko da. Astelehen eta asteazken goizetan izango da, eta bertan kiroldegian emango diren ekintza guztiak tartekatuko dira: aerobic, mantenu gimnasia, cycling, step, kaloria erretzeko saioak, FIT integrala edota luzaketa-erlajazio saioak. Ikastaro hau arratsaldetan ere errepikatuko da, baina 12 eta16 urte arteko gazteei zuzenduta.
Bigarren berrikuntza luzaketa-erlajazio ariketak dira, eta batez ere pertsona nagusiei zuzenduta daude. Astelehen eta asteazken arratsaldetan izango da eta ariketa fisikoa egiteko zailtasunen bat dutenentzat prestatuko ariketak izango dira.
Donejakue Bidea
Bestetik, errepikatu egingo dira orain arteko ikastaro batzuk, hau da, igeriketa, uretako gimnasia, mantenu gimnasia, kaloriak erretzeko saioak, pilates, aerobic eta step, FIT integrala edota cycling.
Udal arduradunek aurreratu duten bezala, Berrizburu Kiroldegitik Donejakue Bidea egiten jarraitzeko irteera berria prest dute. Logroño eta Santo Domingo de la Calzada artekoa bi etapatan egingo dute urriaren 16an eta 17an. 63 euro ordainduta autobusean joan-etorria eta Najeran ostatu eta buffet gosaria izango ditu izena ematen duenak. Horretarako epea urriaren 8ra artekoa da. Halaber, irteera goizeko 8etan urriaren 16an eta itzulera arratsaldeko 19:00etan urriaren 17an izango da.