
Garizuma hasi aurretik, parrandarako azken aukera izaten zen gaur ospatzen den Martitzen Karnabal. Gaur egun, ohitura eta lan beharrak aginduta, zapatua izaten da Inauterietako egun nagusia, baina gaur ere mozorrotzeko eta parrandarako aukera egongo da eskualde osoan.
Durango
Goizeko11:00etatik 14:00etara jolas libreko gunea bilakatuko da Landako gunea, eta 11:30ean zirko tailerra egongo da Tabiran, bertako auzo elkarteak antolatuta. Arratsaldeko 16:00etatik aurrera ‘Denboraren bankua’k eskainitako haur parkea eta tailerrak egongo dira Landakon, eta ordu erdi geroago gazte-festa eta sari zozketa egongo dira Plateruenan Marito Dj eta Urkorekin.
Zornotza
Amorebieta-Etxanoko Udalak Karnabaletako prestatutako egitaraua gaur amaituko da. 17:00etan Photocall Polaroid eta Instagram mozorro lehiaketa egingo dituzte ludotekan eta ordu berean Dj Txurruk girotutako ekitaldia hasiko da Zubiondo parkean jarritako karpan. 19:00etan agurra emango diote Perubeleri, Udazken taldeko gaiteroen eta Zinbulu dantza bertikalaren partaidetzarekin.
Abadiño
Disko-festarekin emango diote amaiera Abadiñon aurtengo Karnabalei. Arratsaldeko 16:45etik aurrera, etxeko txikienentzat zuzendutako saioa eskainiko du probalekuan Mariskal Dejai!- k.
Elorrio
Elorrioko karnabaletako azken eguna, Dj Urtzak Herriko plazan girotuko duen disko-festa txikiarekin hasiko da. Arratsaldeko 18:15ean txokolatada egongo da, eta ekitaldiak borobiltzeko Zirkinik Bez taldeak eskainitako erromeria egimngo dute 18:30ean hasita.
Mallabia
Inauteriaren inguruan antolatutako ospakizunak jarraipena izango dute Mallabian domekara arte. Gaurko prestatutako egitaraua, 14:45an Asier Kidam magoak eskolan eskainiko duen saioarekin eta 16:30ean frontoian egongo den txokolatadarekin abiatuko da. 17:00etatik 20:30ak arte erromeria egongo da DJ Oihan Vegarekin, eta tartean playback eta gaztetxoentzat zein helduentzat mozorro lehiaketak egongo dira.