
Leire Bilbao, “euskal poeta eta idazle handia eta sortzaile oparoa”, izango da Iurretako Herri Bibliotekak antolatutako Literatura jardunaldien protagonista. Horrela definitu du Durangon bizi den egile ondarroarra Iñaki Totorikaguenak, Iurretako alkatea, gaur bertan hasten den ‘Leire Bilbao poesiaz blai’ ekimenaren aurkezpenean.
Hirugarren aldiz jarraian antolatzen diren esker oneko jardunaldietan, egilearen parte hartze zuzena izango da, Bilbao bera egongo baita bizpahiru ekimenetan. Lehenengo edizioaren protagonista Joseba Sarrionandia izan bazen, iazkoan Gloria Fuertes madrildarraren lana izan zen ardatza.
Udazkenari eta ikasturteari hasiera ematen dion ekimenak, idazle baten ondare literarioa “herritarren artean ezagutaraztea” eta, kasu honetan, “herria Leireren lanarekin zipriztintzea” nahi dutela adierazi du Totorikaguenak.
Idazle bateri esker ona adierazteko jardunaldiak badira ere, “esker ona da neuk sentitzen dudana da”, aitortu du Bilbaok, berarentzat “oparia eta betebeharra” delako “niretzat erreferente den Iurretako bibliotekak” antolatutako jardunaldien partaide izatea. Izan ere, Herri Bibliotekak “euskal irakurle gazte zein txikiak hezten eta hasten egiten duen lana” goraipatu du.
Zuzeneko saioak
Aurtengo egitaraua Leire Bilbaoren parte hartzea izango duten zuzeneko ekimenekin amaitu da urriaren 25ean, eta guztietarako beharrezkoa da liburutegian jaso daitezkeen gonbidapenak eskuratzea.
Goizean zehar Maiztegi herri eskolako ikasleentzako hitzartutako tailerrak eskainiko dituzte idazleak eta bere obretan marrazkiak egiten dituen Maite Mutuberria ilustratzaileak, ‘Xomorroak eta piztiak’ lana hizpide hartuta.
Arratsaldeko lehenengo saioak ‘Ahaztu eta jolastu’ izenburuarekin gauzatuko dira. Bertan, Peru Magdalenak ipuin kontaketa eskainiko du Bilbaoren poesia oinarri hartuta.
19.30ean berriz, ‘Hariak eta Tantak’ zuzeneko ikuskizuna eskainiko dute Leire Bilbaok eta Maite Mutuberriak, Eunate Zarrabeitia eta Ana Tere Maestro musikarien eta Aritz Lasarguren dantzariaren partaidetzarekin.
Irakurketa kluba, gaur
‘Leire Bilbao poesiaz blai’ ekimena gaur bertan hasiko da helduentzako irakurle klubarekin. Ainhoa Aldazabalek dinamizatuko duen lehen saioan, 17:00etan, ‘Entre escamas’ lana izango dute mintzagai gaztelaniaz izango den ekitaldian eta 18:30ekoan berriz, ‘Ezkatak’ eta ‘Scanner’ obrak landuko dituzte euskaraz.
Bihar eta datorren eguaztenean egingo diren haurren irakurketa klubetan, ‘Moko txiki’ izango dute hizpide LH 3. eta 4. mailakoek eta 5. eta 6. mailakoek, hurrenez hurren, saio biak Txomin Magdalenak dinamizatuko dituela.
Datorren martitzenean, arratsaldeko 19:00etan hasita, ‘Hitza emez idazten da’ berbaldia dinamizatuko du Ana Urkizak, solasaldian Miren Agur Meabe, Castillo Suárez, Yolanda Arrieta eta Leire Bilbao idazleak izango direla.