‘Elikadura ekologikoarekin dena hobetzen da’ deituriko erakusketa ibiltaria Durangoko Ezkurdi plazan egongo da ikusgai gaurtik domekara arte. “Ekoizpen ekologikoa ezagutzera eman eta balioan jartzeko” helburuarekin egingo den ekimena, Ekolurrak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak eta Soloko Elkarteak antolatu dute.
11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara bisitatu ahal izango den erakusketak ageriak jarriko du Euskadiko nekazaritza ekologikoak goranzko joerari eusten diola urtez urte. Gainera, “gero eta pertsona gehiagok lortzen dute Europar Batasunetik markatzen diren parametro ekologikoei jarraituz ekoiztea”, antolatzaileen esanetan.
Durangaldean 35 ekoizle
Azkeneko hogei urtean ekoizle eta hektarea kopuruan izandako bilakaera oso azpimarragarria da, 2001ean 61 ekoizle eta 373 hektarea izatetik, 2021ean 710 ekoizle eta 7.420 hektarea izatera aldatu da. Autonomia erkidegoan, guztira, nekazaritzako lurren % 4,04 da ekologikoan lantzen dena, eta gaur egun, Durangaldean 35 ekoizle eta enpresa daude ziurtatuta.
Eskualdeko ekoizleek elikagai ekologikoen eskaintza zabala eskaintzen dute Durangoko Merkatu plazan. Larunbatero zortzi ekoizle egoten dira herritarrei euren produktuak eskaintzen, eta astean zehar eskaintzari eusteko helburuarekin Etartie denda zabaldu dute Durangon.
Ezkurdi plazan jarriko den erakusketan ekoizpen ekologikoan ziurtatutako Durangaldeko ekoizleak txandakatuko dira. Aktibitate horren inguruko informazioa eman eta jardueraren nondik norakoak azaltzeaz gain, Kontseiluak lau euroko bonoak jarriko ditu eskuragai Merkatu plazako elikagai ekologikoen salmenta bultzatzeko. Bonoa eskuratzeko ekoizpen ekologikoaren azalpena entzun eta gurutzegrama ekologikoa bete beharko da.