
Asuntze Mendi Taldeak bihar hasi eta zapatuan amaituko den Atxondoko Mendi Astea antolatu du. Prestatutako egitarauan elikadurari eta Titan Desert kirol probari buruzko hitzaldiak egongo dira bihar eta etzi eta zapatuan mendi martxa egongo da.
Mendi Asteko lehen hitzordua bihar izango da arratsaldeko 19.00etan, udaletxeko pleno aretoan. Oihana Monasteriok eskainiko duen solasaldian ‘Plateretik tontorreraino. Elikadura eta hidratazioa mendian’ gaia jorratuko du.
Berbaldia amaitu ondoren Asuntze Mendi Taldearen asanblada hasiko da eta ekitaldiaren amaieran afari-merienda egingo dute.
Marokoko Saharan egiten den Titan Desert proba izango da hizpide barikurako prestatutako ekitaldian. Arratsaldeko 18.30ean udaletxeko pleno aretoan izango den berbaldian Ander Txakartegi kirolari berritxuarrak bere esperientziaren berri emango du.
Atxondoko Mendi Asteko azken hitzordua zapatuan izango den Atxondoko II. mendi bizikleta martxa izango da. Antolatzaileek seinaleztatu gabeko 40 kilometro luzera eta 1000 metroko gainbera positiboa izango duen ibilbidea prestatu dute. Hala ere, bidea laburtzeko aukera dagoela argitu dute antolatzaileek. Gainera, erritmo desberdinak izango dituen hiru talde osatzeko asmoa agertu dute.