Elorriarrek zein Euskal Herriko txoko desberdinetatik gerturako diren jainkozaleek nabarmenduko dira bihar Balendin Berrio-Otxoa santuaren egunean. Jaieguna Elorrion bakarrik izango denez aurten ere, ez da jendetzarik espero eta Udalak ekitaldi programa xumea prestatu du.
Eguneko egitaraua txistulariek 9:30etan eskainiko duten kalejirarekin hasiko da eta Santa Ana komentuan zein parrokian ordu desberdinetan emango diren mezekin. 12:00etan udaletxetik parrokiarako bidea egingo dute agintariek, txistulariek joko duten ‘Alkate soinua’ren doinuekin lagunduta. Ordu horretan hasiko den meza nagusian Elorrioko basilikako eta Iurretako abesbatzak kantatuko dute.
Eguerdiko 13:00etan trikitilariek girotutako mokadutxoa egongo da Berrio-Otxoa kalean. Arratsaldeko 19:00etan, 4 eta 14 urte bitarteko gaztetxoentzako herri kirolak izango dira plaza inguruan eta arratsaldeko 20:00etan Berrio-Otxoa abesbatzaren kontzertua egongo da Santa Anako kaperan.
Bizkaiko zaindari bakarra
Aurtengo ospakizun egunak gainera, santuari eskainitako museoa bisitatzeko aukera emango die elorriarrei zein herrira gerturatzen direnei. Santa Ana komentuko museoan bilduta dauden objektuek, Balendin Berrio-Otxoaren bizitzaren, ekintzen eta pentsaeraren berri izateko aukera eskaintzen dute.
Berrio-Otxoa eguneko ospakizunetara gerturatzen diren zaleek, Bizkaiko zaindari bakarra bilakatzeko eskaria berretsiko dute berriro ere.
Izan ere, dominiko elorriarra 1988. urtean santu izendatu zuten eta harrezkero Loiolako Ignaziorekin partekatzen du probintziako zaindaritza. Arrazoi horregatik, uztailaren 4an ospatzen den Berrio-Otxoa eguna Bizkaia osoko jaieguna izateko, San Ignazio eguna, uztailaren 31 alegia, zapatua edo domeka izan behar da.