
Bizkaiko Metalgintzako beharginak 2019an zehar burutu zituzten mobilizazioetan salatutako langile batek Durangoko epaitegian deklaratu behar izan du gaur goizean.
Hori dela eta, Bizkaiko Metalgintzako zenbait beharginek elkarretaratzea egin dute lankideari babesa emateko. Bildutakoek ‘Langileon eskubideak defendatzea ez da delitua. Metalgintzako grebalariak” jartzen zuen pankarta erakutsi dute.
Deklaratzera deitutako pertsona Bizkaiko Metalgintzako “hitzarmenaren aldeko borrokan” parte hartzeagatik salatu zuten eta gaurkoarekin “hiru dira salatuak izan diren langileak beraien eskubideak defendatzeagatik”, ordezkari sindikalek adierazi dutenez. Gainera, “hainbat izan dira isunak jaso dituzten langileak metalaren alde borroka egiteagatik”.
Elkartutakoek euren “babes osoa” eman nahi izan diote lankideari eta, horrekin batera, “errepresioak ez gaituela metaleko langileak eta orokorrean langile klasea geldituko ezta isilaraziko” gogoratu nahi izan diote patronalari. Izan ere, “metaleko hitzarmena Gabonak baino lehenago” sinatu zela gogoratu dute baina, hala ere, “langileen gaineko errepresioak irauten du”.