Bizkaiko zaindaria bada ere, Elorrion bakarrik ospatuko da bihar Balendin Berrio-Otxoa deunaren eguna, santu domingotarraren jaioterrian bakarrik izango baita jaieguna. Eguneko ekitaldi nagusia eguerdian Mario Izeta Bizkaiko gotzainak emango duen meza nagusia izango da.
Berrio-Otxoa eguneko ospakizunak goizeko 9:30ean herriko txistulariek eskainiko duten kalejirarekin hasiko dira. Ordu bete lehenago eguneko lehenengo meza emango da Santa Ana komentuan eta gainontzekoak parrokian izango dira, 10:30ean, 12:00etan eta arratsaldeko zazpietan.
Eguerdiko elizkizuna Mario Izeta Bizkaiko gotzainak emango du Basilikako eta Iurretako koruen partaidetzarekin. Meza aurretik zein ostean, Berrio-Otxoa kofradiako kideek elizpean jarritako oroigarriak eskuratzeko aukera izango da eta aurten, berrikuntza gisa, santu domingotarrak gurasoei idatzitako eskutitzen erreprodukzioak ikusteko aukera egongo da.
Azoka eta trikitilariak
Goizeko egitaraua 13:00etan Berrio-Otxoa kalean herritarrei eskainiko zaien kopadutxoarekin eta trikitilarien ekitaldiarekin osatuko da.
Arratsaldean, 20:00etan, kontzertua emango du Berrio-Otxoa abesbatzak Santa Ana komentuko kaperan.
Berrio-Otxoa egunaren inguruko ospakizunak domekan jarraituko dute. Goizeko 11:00etan XXIII. Durangaldeko Nekazaritza Ekologikoaren Azoka irekiko da, Arratsaldeko 19:00etan Elorrioko Trikitilari Gazteen VI. Txapelketa jokatuko da.