Herriko kaleetan zein hiri-altzarietan egon daitezkeen matxuren edo edonolako gertakarien berri emateko aukera izango dute elorriarrek, gaurtik aurrera abian jarriko den telefono mugikorrentzako aplikazioaren bidez. ‘Elorrio Zabaltzen’ deituriko app berria gaur, 19:00etan, Iturri Kultur Etxean aurkeztuko da.
Aplikazio berri horren bidez ‘Kalezaindu’ deituriko erreminta erabil daiteke. Tresna hau baliatuz “udalerrian matxura edota kalteren bat antzeman duten pertsonek zuzenean bidal dezakete oharra Udalera, telefonoa erabilita”, udaletxetik igorritako prentsa oharrean azaltzen denez.
Aplikazio berriak duen geolokalizazioaren bidez, gertakaria non izan den zehazteaz gain, deskribapen laburra eta, nahi izanez gero, argazkiren bat bidaltzeko aukera ere ematen du. Udalak, gainera, gertakariaren egoeraren berri eman ahalko die erabiltzaileei, hala nahi izanez gero.
Izan ere, ‘Elorrio Zabaltzen’ app-ak Udal oharrak eta elorrio.eus web-orrian argitaratzen diren berri guztiak jasotzeko aukera ematen du: errepide-etenak, autobus-zerbitzuetako aldaketak edota kultur, kirol zein jaietako gaiak.
Aplikazio berria Android eta iPhone sistemetarako dago eskuragarri.
Gaur egingo den aurkezpenean aplikazioari buruzko azalpenak emateaz gain, herritarren artean berau aurkeztu eta tresna erabiltzeko tailer praktikoa emango da.