
Elorrioko eta Arrasateko herritarrek urtero egiten den San Inazio jaia ospatuko dute aurten ere eta horretarako domekan egingo diren hainbat ekitaldi antolatu dituzte herri bietako Udalek.
Ekitaldi guztiak herri bien arteko bidean dagoen Kanpazar mendatean egingo badira ere, Elorrion abiatuko da egitaraua goizeko 11.00etan herriko plazatik abiatuko den bizikleta igoerarekin. Ibilaldi horretan adin guztietako bizikleta zaleak bilduko dira.
Behin Kanpazarrera heldu ondoren luntxa eta trikitilarien ekitaldia egongo dira. Inguruetako mugak ezagutzeko gogoa dutenek Elorrio, Arrasate eta Bergara herrien eremuak non dauden jakiteko aukera izango dute, aurten mugarriak ezagutzeko aukera emango duten ibilbide gidatuak prestatu baitituzte.
Eguerdia aldera bazkaria eta ohiko doke txapelketa egingo dira eta egitaraua osatzeko Firin-Faran taldearen erromeria izango da arratsaldean.