
Elorrioko Udalak Berrio-Otxoa egunaren inguruan ospatzen den Trikitilari Gazteen Txapelketa antolatu du. Laugarren edizioa izango dena uztailaren 1ean jokatuko da eta iazko sari berberak banatuko ditu irabazleen artean; hau da, 250 euro eta txapelak irabazleentzat, 200 euro bigarren bikotearentzat eta 150 euro hirugarren sailkatuarentzat.
Plazako frontoian arratsaldeko 19:00etan hasiko den norgehiagokan 20 urtez azpiko sei bikote lehiatuko dira. Ekainaren 26an amaitzen den izen-ematean sei bikote baino gehiago apuntatzen badira, partaideen arteko kanporaketa egingo da txapelketa hasi aurretik, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
Lehiaketak maila bakarra izango du eta parte hartzen duen bikote bakoitzak hiru pieza jo beharko ditu: trikitia, porrusalda eta gehienez hiru minutuko iraupena duen pot-pourria.
Epaimahaikideak piezen zailtasuna, bat etortzea, kantua, dantzagarritasuna eta pandero jolearen lana baloratuko dute. Trikitilariek derrigorrez koplez lagundu beharko dute euren jarduna eta baserritar jantzita azaldu behar dira.
Lehenengo hiru sailkatuek jasoko dituzten diru-sariez gain, antolatzaileek 80 euroko dieta emango diote txapelketan parte hartzen duten gainontzeko bikoteei.
Lehiaketari buruzko informazio guztia eta izen-emate orria Elorrioko Udaletxean eta Udalaren web orrian (www.elorrio.net) daude eskuragai.