
Elorrioko Udalak herriko zenbait familiekin elkarlanean sortutako Hazigunea ekimen hasiberriak, 30 familia batzen ditu dagoeneko. San Juan kaleko ‘Ametsola’ espazioan egokitutako gune berria, zero eta sei urte bitarteko haurrak eta gurasoak elkarrekin jolasteko, gozatzeko eta ondo pasatzeko erabiltzen dute.
Hazigunea autogestionatutako gune ludikoan, gainera, “eskolan egiten dituztenen bestelako ekintzak” burutzeko aukera izango dute, eragileen esanetan, eta aktibitateak gauzatzerakoan “gehien maite dituzten pertsonak” alboan izaten dituzte.
Hala ere, egitasmoak behar bezala funtzionatzeko, elkarbizitzarako jarrera oso positiboa izan behar dute erabiltzaileek, helburuetako bat “jarrera horiek haurrei ere helaraztea” delako.
Astean birritan
Lehenengo hilabetetan astean bi arratsaldetan zabalduko dute gune ludikoa, 16:30etik 19:00etara, eta gurasoak arduratuko dira lokala zabaldu eta ixteaz.
Espazio horrek eskaintzen dituen gune eta txokoetan bakoitzak bere kasara jolasteko aukera izango du. Une honetan, sormen txokoa, koltxonetak eta merienda-txokoa eskaintzen ditu eta hamabostean behin denontzako tailer bat egingo da.
Parte hartu nahi duten gurasoek izena eman behar dute Hazigunean bertan edo haziguneelorrio@gmail.com helbidean, eta dagoeneko parte diren gurasoek dituzten ardura berberak eskatuko zaizkie berriei ere.
Hazigunea ekimena iazko ekainean abiatu zen Udalak eta guraso talde batek egindako bilerekin eta abenduan azpiegitura martxan jartzea erabaki zuten. Udalarena den Ametsola espazioa Hazigunea eta Gozagunea izeneko txokoek partekatzen dute.