
Euskararekin arazoak dituzten ikasleen prestakuntza hobetzeko asmoarekin, euskarazko errefortzu klaseak egitasmoa jarri du martxan Elorrioko Udalak herriko ikastetxeekin batera. 43 ikaslek eman dute izena ikastaroetan parte hartzeko eta astean bi orduz “beraien euskara indartzen saiatuko dira era ludiko batean”, Idoia Buruaga Elorrioko alkatearen esanetan.
Errefortzu klaseen helburua “euskararen ezaguera indartzea” eta herriko ikastetxeetan “hizkuntzaren erabilera” sustatzeko asmoa dutela azpimarratu du Buruagak eta ekimen honekin “Elorrioko ikastetxeek aspalditik egindako eskaera kontutan hartu du Udalak”.
“Ikastetxeen aldetik aspaldiko kezka bat da, izan ere, kasu askotan zaila egiten zaie eguneroko dinamika aurrera atera ahal izatea. Elorrioko ikastetxeetan gaur egun D eredua baino ez daukagu eta horrela izatea nahi dugu. Horrez gain, Elorrio euskaldun baten alde egin nahi badugu, gazteenengatik hasi beharko gara, haiek baitira hizkuntza honen etorkizuna”, adierazi du Buruagak.
Izena eman duten ikasleek lau taldetan banatuko dira, adinaren arabera. Behin behinean, ordubeteko bi klase eskainiko zaizkie astean eta adinaren arabera sailkatutako lau talde daude: DBHn 10 lagun, Lehen Hezkuntzako 1. 2. eta 3. mailan 15 lagun; Lehen Hezkuntzako 4. 5. eta 6. mailan 9 lagun eta, azkenik, Haur Hezkuntzako 9 lagun biltzen dira.
Antolatutako klaseak astean birritan ematen dira Ituri Kultur Etxean edo Elorrioko Institutuan. Behin-behinean, ordubeteko iraupena du klase bakoitzak eta helburua “modu ludiko batean ikasleen euskara maila indartzea bilatzen da”, adierazi du Buruagak.