
Elorrion erroldatutako 12 eta 20 urte bitarteko 620 gazteetatik 360k (%58a) hartu du parte Udaletik martxan jarritako Aurrekontu Partehartzaileetan. Hori dela eta, Gobernu taldeko kideek ekimenaren “arrakasta” azpimarratzeaz gain jasotako erantzunarekin “oso pozik” daudela adierazi dute.
Azken urtean nerabe eta gazteekin batera landutako Gazte Diagnosia osatu ondoren, Udalak adin tarte horretara bideratu ditu aurtengo Aurrekontu Partehartzaileak.
Modu horretan, diagnosi horretan ondorioztatutako neurriak Ekintza Plan batean batu eta gazteei neurri horiei lehentasuna emateko aukera eman diete Udal ordezkariek. Hurrengo urtean, berriz, Udala lehentasun horiek gauzatzen saiatuko da.
Jasotako erantzunarekin “benetan pozik” daudela adierazi du Idoia Buruaga alkateak. Prozesu horretan “herriko ikastetxe guztiek lagundu gaituzte” eta horregatik “eskertzekoa da uneoro erakutsi diguten prestutasuna. Gazteei dagokionez, amestutako Elorriorako ekarpen eta iritzi ugari helarazi dizkigute”
“Udalaren eta gazteen arteko distantzia ahalik eta txikiena” izateko helburuarekin, Buruagak “komunikazio bide berriak” jorratu beharra aitortu du, nerabe eta gazteek baitira “Elorrioren etorkizuna”.
Bilera irekia
Gobernu Taldeak, bestalde, datorren urtean egin nahi dituen inbertsio nagusiak azaltzeko eta herritarren iritzi eta proposamenak jasotzeko, bilera egingo du bihar, 18:30ean, Udaletxean. Ekitaldian, eskuartean Elorriorako dituzten onura handiko proiektuen berri emango dute.
Buruagak azaldu duenez, “proiektu handiez gain, proiektu txikiak ditugu, beren txikitasun horretan herritarrentzat itzelak izan daitezkeenak”. Alkatearen esanetan “urte guztian saiatzen gara elorriarrekin harreman zuzena izaten, guretzat komunikazio hori funtsezkoa baita” eta biharko bilera bide horretan emandako “ beste pauso bat izango da”.
oso idea ona da gazteekin hitzegin. Nire semea emocionatuta etorri zen etxera. Zorionak