
Munduko Paracycling Txapelketaren lasterketak direla eta Elorrioko hainbat kale itxiko dira bihar, trafikoan zein autobus eta gainontzeko zerbitzuetan aldaketa nabarmenak eraginez. Goizeko 10.45an hasiko dira probak baina erdialdeko trafikoa erabat moztuko da 10.15etik 13.15era bitartean eta 14.30etik 19.30ra bitartean.
Zazpi proba lehiatuko dira Elorrion, guztiak hand-bike eta triziklo espezialitateetakoak eta gainontzeko modalitateak gaur Gasteizen eta etzi Bilbon eta Mungian jokatuko dira. Lasterketetan desgaitasun kognitibo edo motorra duten txirrindulariak hartuko dute parte
UCI txirrindularitza elkarteko egutegian dagoen proba honetara 24 herrialdeetako 130 kirolari gerturatuko dira, Europatik etorritakoak zein Ameriketako Estatu Batuak, Brasil, Costa Rica, Hegoafrika, Israel, Japonia, Kanada, Kolonbia, Peru, Venezuela eta Zeelanda Berrikoak.
Elorrion jokatuko diren probetako irteera eta helmuga Elizburu kalean kokatuko dira. Ibilbidea Urkizuaran kaletik, Arrasate Etorbideko bidegurutzetik, N-636 errepideko lotunetik, saihesbidetik, San Agustingo biribilgunetik eta San Fausto zein San Pio X.a kaleetatik igaroko da.
Horrez gain, Ibaikua, Elizburu (ferixagunea) eta Nizeto Urkizuko aparkalekuak itxita egongo dira. Argiñeta Etorbidea kalea –Padura kaleko bidegurutzetik Nizeto Urkizura arteko bidegurutzera arte–, Nizeto Urkizu kalea –Argiñeta Etorbideako bidegurutzetik Telefonica-ko eraikinera arte– eta Berrio Otxoa kalea ere itxi egingo dira. Azkenik, Ibaikua kalea ere moztu egingo da, nahiz eta Eroskira arteko eta udako igerilekuetara arteko errepideak zabalik izango diren.
Autobus geltokien aldaketa
Elgeta eta Berriz arteko ordezko bidea Anduetxeta-NizetoUrkizu-Padura-Argiñeta Etorbidea kaleen artean egingo da. Horrez gain, eta beti ere lasterketaren egoerak ahalbidetzen duen heinean, Ibarrako zubiaren eta Goieta kalearen arteko errepidetik igaro ahalko da.
Trafikoan egingo diren aldaketak direla eta, bertan behera geldituko dira ohiko autobus geltoki biak, San Pio X.ekoa eta Kurutziagakoa hain zuzen. Probak irauten duten artean Betsaide kalean (Nissan tailerraren parean) egongo den geltoki bakarra egongo da. Taxien geltokia berriz, San Pio X kalen egongo da, taxi geltoki zaharrera hain zuzen.
Ekitaldiak eragin ditzakeen zirkulazio-arazoak direla eta, udal arduradunek pazientzia eta ulermena eskatu diete bizilagunei: “Ospakizun eguna izatea espero dugu. Gutxitan ikusiko dugu garrantzi honetako ekitaldi bat Elorrion, beraz herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu egunaz gozatzera”, adierazi du Dani Palacios kirol arloko zinegotziak.