
Elorrioko ikastetxe ezberdinetako ikasleak lizarrak, hurritzak eta haltzak landatu dituzte Zumelegi errekaren ertzetan, URA agentziak, Agenda 21ek eta Elorrioko Udalak martxan jarritako ekimenaren baitan.
Elorrioko gaztetxoek burututako ekimena San Agustin auzo inguruan burutu zen, hain zuzen bertatik igarotzen den errekaren ertzetan, eta aukeratutako arbolak landare horiek duten finkatze ahalmenagatik aukeratu ziren.
Landatzeari ekin aurretik, mota horretako landareek zer-nolako garrantzia daukaten errekaren egunerokotasunean, uraren higadura murrizteko edota animalia mota ezberdinen ernaltzerako baliogarriak direla jakinarazi zitzaien ikasleei.
Herriko ikasleek egiten ari ziren lana bertatik bertara ikusteko aukera izan zuen Elorrioko alkatea den Idoia Buruagak, zeinek balioan jarri zuen gaztetxoek egindako lana.