
Elorrioko nerabeek beraien aisialdirako areto berri bat izango dute bihartik aurrera, Udalak San Juan kalean zuen ludotekan egokitutako ‘Gozagune’n. 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoentzat egokitutako espazioak 17:00etan irekiko ditu ateak eta bertaratzen direnek aurrerantzean zer egin dezaketen hausnartuko dute udal ordezkari eta begiraleekin batera.
Espazio berrian nerabeen garapen osoa, gozamena eta autonomia pertsonala bilatzen duen aisialdi eskaintza emango da. Erabiltzaileek euskara, berdintasuna, aniztasuna, parte hartzea eta elkarlana izango dituzte funtsezko printzipioak eta, ahal den heinean, herriko beste zenbait eragilerekin elkarlanean jardungo dute.
Gune berriak aspaldiko beharrari erantzun nahi dio. “Gaztetxoek eta gurasoek urte luzeetan egin izan duten aldarrikapen bat izan da hau, eta behar hori asetzeko asmoz sortu dugu espazio berri hau”, Idoia Buruaga Elorrioko alkatearen esanetan.
‘Gozagune’a erabilera anitzeko ‘Ametsola’ elkargunean kokatuko da, eta bariku, zapatu eta domeketan egongo da zabalik, 17:00etatik 20:30era arte.
‘Ikasgunea’ eta ‘Hazigune’
Udalak garatutako ‘Ametsola’ ekimenaren bidez, ludoteka zerbitzua berritu eta egokitu da, adingabekoei aisialdi zerbitzu integrala eskainiz. Izan ere, ‘Gozagune’ txokoaz gain, dagoeneko martxan dagoen ikasleentzako ‘Ikasgunea’ errefortzu espazioa zein ‘Hazigune’ gunea eskaintzen ditu.
‘Hazigune’ adin txikiko ume zein gurasoentzako egokitutako espazioa izango da, bertan guraso eta umetxoen arteko aisialdia sustatuko baita. Gune horrek ezaugarri berezi bat izango du, baliabide ezberdinak eskainiko baitira gurasoen interesak eta nahiak errespetatuz.
Adingabeen aisialdirako eskaintza izateaz gain, ‘Ametsola’ gunearen asmoa “etorkizuneko Elorrion gure haurrak eta nerabeak zaindu nahi ditugu, eta gune hau helburu horrekin pentsatu da”, Buruagaren esanetan.
Lan ona. Ea orain dena ondo irteten den
En Berriz también tenemos y creo que en Zaldibar también. Hace ya muchos años.
Oso ondo Elorrixo! Zorionak gaztetxo baten ama naizen partetik. Noizko holako bat Durangon?