
Santxibiri lasterketa herrikoiarekin emango diote aurten ere ongi etorria Gabon jaiei Elorrion, domekan izango den kirol proba horrek zazpigarren edizioa beteko baitu. Elorrioko Atletismo Eskolak antolatutako ekimenak bi lasterketa izango ditu; 12:00etan hasiko den haurren proba eta ordu erdi geroago abiatuko den gazte eta nagusiena.
Santxibiri proba 12:00etatik aurrera egingo diren umeen lasterketekin hasiko da. Adin taldeetan banatuta, umeek Elorrioko alde zaharreko Kanpokale, Errebonbillo eta Erreka kaleetan prestatutako luzera ezberdineko ibilbideak egingo dituzte.
Eguerdiko 12:30ean gazte eta nagusien lasterketa hasiko da eta bertan adinaren eta sexuaren arabera osotuko diren sailkapen desberdinak egongo dira. Antolatzaileek 2000-2003an jaiotako gazteen kategoria, 18 eta 40 urteko korrikalariena eta 40 urtetik gora dituzten beteranoen sailkapenak egingo dituzte.
Gazte eta nagusien lasterketak 5,5 kilometroko ibilbidea izango du, parte hartzaileek bi buelta eman behar baitizkiote prestatutako zirkuituari. Herriko plazatik abiatuko den lasterketak Nizeto Urkizu eta Galartza Barrena zeharkatuko ditu Argiñeta etorbidetik Montorrostera jaitsi aurretik. Ondoren, Berriz-Olakueta hiribidea, Urarka eta Erreka kalea zeharkatu beharko dituzte herriko plazara iritsi aurretik.
Helduen lasterketa amaitu ondoren, sarien eta oparien banaketa egongo da.
Antolatzaileek doako izen-ematea epea ireki dute www.kirolprobak.com webgunean 500 korrikalarirentzat. Kopuru hori bete ezean, lasterketa egunean ere izena emateko aukera egongo da.